LASER
Argi izpi koherenteak (maiztasun bereko uhinak eta beti fase berekoak) sortzen dituen argiaren anplifikazio sistema; sistema horretan sorturiko argia.
Laser izpiek gai gogorrenak eta beroaren kontrako erresistentzia handiena dutenak desegin ditzakete. Kristal jakin batean edo gas nahastura jakin batean dauden atomoak kitzikatuz lortzen da laser igorpena. Kimika bidezko laser batean kitzikadura indarra erreakzio kimiko batek sortzen du, edota karbono monoxidoaren errekuntzak, karbono dioxido kitzikatua sortzeko. Laserraren alde nagusia, beste argi igorpenen ondoan, zuzentasuna edo puntu jakin batera zuzentzeko duen gaitasuna da, eta baita koherentzia edo fase berean irautea ere. Argi izpien maiztasuna oso zehatza da, eta ondorioz barne interferentziak saihesten dira eta igorpen garbia lortzen. Lehen laserra T. H. Maimanek egin zuen, errubizko makilatxo bat erabiliz (1960). Laserra gauza askotarako erabiltzen da: medikuntzan
orohar, eta kirurgian, batez ere; biologian, mitosi eta zelula banaketaren prozesuan kromosometan aldaketak eragiteko; telekomunikazioetan eta satelite artifizialak jaurtitzeko, laser izpiaren zuzentasunaz baliatzen dira; holografian, bitxigintzan eta zeramikan ere erabiltzen da.

